XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Profeta, Gargallo, 1933. Bolumen imajinarioekin jolasten du eta soslaiak eta soslai horiek dituzten hutsuneek sortzen dituzten itzalak erabiltzen ditu.

Plaza, Giacometti, 1949. Giacomettiren irudietan eskultura afrikarraren eragina nabarmena da; gizakiaren bakardadea irudikatzen du.

Eskulturaren bilakaera

1910 baino lehentxeago, eskulturak erabateko aldaketa hasiko du eta gaur egun arte iraungo du aldaketa horrek. Rodin-en eskultura inpresionistatik, oraindik figuratiboa eta errealista zena, beste eskultura-mota batera igaroko dira; joera berri honetan formak eta irudiak ez du garrantzirik izango eta bolumena nagusituko da.

Abstraktuak garrantzi handia izango du eta eraikuntza eskultorikoaren arazo teknikoak eta material berriak lehen mailakoak izango dira. Horrek ez du esan nahi eskultoreek ez dutela giza irudia landuko; askok landuko dute, baina ez ikuspuntu errealistatik, baizik eta subjektibotasunez eta norberak ikusten duen moduan.

Eskulturan ezin dugu pinturan egin dugun zatiketa egin, hau da, ezingo dugu abangoardian zatitu, baina pinturak eragina izango du eskultore askoren lanean eta, era berean, eskultore askok pintatu egingo dute. Orokorrean, eskulturaren lengoaia indibidualagoa izango da eta ez da moden mende egongo. Hurrengo lerroetan XX. mendeko eskultore garrantzitsuenak eta eragin handien izan dutenak aurkeztuko ditugu.

Umberto Boccioni pintore futuristak, eskultorea ere bazena, forma originala deskonposatu zuen eta espazioan irudien mugimendua iradokitzen saiatu zen lehenengoetarikoa izan zen. Eskultura kubistak ere egin zituen bolumenen bidez.

Espainian, eskultura berria lantzen saiatu ziren lehenengo eskultoreen artean Pablo Gargallo (1881-1934) nabarmendu behar da, hainbat joera artistikotan parte hartu baitzuen. Bolumen imajinarioak lantzen saiatu zen eta horretarako soslai muxarratuak eta hutsuneetan sortutako itzalen plano handiak erabili zituen.

Gargallok hasitako lanaren jarraitzailea Julio González (1876-1942) izan zen; beste urrats bat eman zuen eta hasieran kubismoaren eta espresionismoaren eragina nabaria baldin bada bere lanean, beranduago eskultura abstraktua landuko du eta bereak izango dira eskultura-mota honen lehenengo adibideak.

Eskultura abstraktutik hurbil ibili zen beste eskultore bat, eskultura abstraktua bera landu ez zuen arren, Constantin Brancusi (1876-1957) errumaniarra izan zen; kubismoaren eragina arte primitiboarekin eta abstrakzioarekin nahastu zuen eta bere lanean helburu nagusia edertasuna izango da.

Beste eskultore garrantzitsu bat Alberto Giacometti (1901-1966) italiarra izan zen; eskultura afrikarraren eragina nabaria da bere lanean, batez ere hasierako lanetan. Bere lanen gai nagusia giza irudia izan zen eta honek gaur egungo gizarteari sentitzen dituen angustia eta beldurra irudikatu zituen.